scholarly journals Gipuzkoako osagarri pluraldun adizki tripertsonalen erroez

2021 ◽  
Vol 53 (1/2) ◽  
pp. 127-162
Author(s):  
Olatz Leturiaga Angoitia

Artikulu honetan Gipuzkoako osagarri pluraldun adizki tripertsonalak dira aztergai. Izan ere, beti ez da erraza jakiten adizki batzuen oinarrian zein erro dagoen: *eradun ala *nin. Hori horrela izanik, saio honen helburua da Gipuzkoako testu zaharretan ageri diren —eta gaur egun zenbait hizkeratan dirauten— adizki batzuen oinarrian zein erro dagoen argitzen saiatzea. Lehendabizi, diozka ‘dizkio’ erakoez arituko gara, eta *eradun eta *nin hipotesien aldeko nahiz aurkako argudioak aurkeztuko ditugu; hala, saio honetan defendatzen dugu diozka ‘dizkio’ & diezte ‘dizkie’ adizkiek *nin erroa izateko itxura dutela (dio + -zka- > diozka; die + -zte- > diezte). Ondoren, hipotesi bera dizko/dizka ‘dizkio’ eta dizte/dizk(o)e ‘dizkie’ erakoetara heda daitekeen ikusiko dugu, gure ustean hala baita; horren arabera proposatzen duguna da diozka > dizka gertatu eta, beharbada, haren analogiaz sortuak izan daitezkeela azken horien gisako paradigmako gainerako adizkiak: hau da, diozka (d-i-o-zka-Ø) > dizka (d-i-z-ka-Ø) > dizko ‘dizkio’, dizku ‘dizkigu’, ditzu ‘dizkizu’, diztan ‘dizkidan’, etab. Bestalde, literatur gipuzkeraren balizko eraginaz ere jardungo dugu. Izan ere, XVIII-XIX. mendeetako Gipuzkoako testuetan ugari dira oraindik diozka ‘dizkio’ & diezte (eta diozkate) ‘dizkie’ erako adizkiak 3. pertsona datiboarekin, nahiz eta, ustez, forma zaharrak izan; gure iritzian, literatur eredutzat hartu izan ziren idazleen lanetan —besteak beste, Larramendiren 1729ko gramatikan— diozka & diezte erako adizkiak agertzeak lagundu zezakeen, beharbada, geroagoko idazleen testuetan (Lariz, Ubillos, Agirre Asteasukoa, Lardizabal, etab.) adizkiok hedatzen. Aipatutako adizkietako erroez jarduteaz gain, erroaren eta erro bakoitzak hartzen zuen pluralgilearen araberako (balizko) kronologia bat ere eskainiko dugu.

Sign in / Sign up

Export Citation Format

Share Document