Hari metalikoetan eta arku elektrikoan oinarritutako fabrikazio-gehigarriko WAAM teknologiaren oinarriak eta aplikazioak
Fabrikazio-gehigarria geruzaz-geruza piezak eratzean oinarritzen den produkzio kontzeptu berria da. Fabrikazio-gehigarriaren barneko teknikek duten izaera dela eta, orain artean fabrikazio-teknika tradizionalek inposatutako diseinu mugak gainditzea ahalbidetzen dute. Material mota anitzetan lan egin dezaketen arren, lan honetan material metalikoetan oinarritutako fabrikazio-gehigarriko teknikak azalduko dira. Teknika hauek hiru multzo nagusitan sailka daitezke: Hauts-ohearen fusioa (Powder Bed Fusion, PBF), Hauts elikatzedun deposizioa (Powder Feed Systems, PFS) eta Hari elikatzedun deposizioa (Wire Feed Systems, WFS). Hauen artetik, WFS motaren barnean sailkatzen den arku eta hari bidezko fabrikazio gehigarrian (ingelesez, Wire Arc Additive Manufacturing (WAAM) bezala ezaguna) arreta berezia ezarriko da, erakusten dituen abantailak direla eta. Horien artean esanguratsuena, eskaintzen duen materialaren ezarpen-tasa altua da, tamaina handiko piezen fabrikazioa posible bihurtuz. Gainera, fabrikazio-teknika tradizionalekin alderatuz erabiltzen den material kantitatea murrizten du eta beraz, materialaren erabilera efizientzia altua lortzen da, amaierako piezatik gertu dauden aurreformak lortuz ondoren mekanizatu beharko direnak. Azkenik, WAAM teknologiaren bidez, soldagarria den edozein materialetan fabrika daitezke piezak, materiala hari metaliko formatuan sartzen delarik prozesuan. Hala, kilogramoko materialaren prezioa hari formatuan, zenbait fabrikazio-gehigarriko teknikak erabiltzen duten hauts formatuan baino askoz ere merkeagoa da. Gainera, lan honetan, zenbait aplikazio kasu ere azalduko dira aplikazio eremu bakoitzeko (fabrikazio zuzena, ez-zuzena eta konponketak) adibide bat azalduz.